Genozidioa
Virginia López de Maturana
Historia Garaikidean doktorea UPV/EHUn
Bideoaren transkripzioa
Genocidio
1941eko abuztuaren amaieran gizarte britainiarrari zuzendutako irratiko saio batean, Winston Churchill lehen ministroak Alemania naziak egindako ankerkeriak “izenik gabeko krimen” gisa adierazi zituen. Raphael Lemkin jatorri juduko legelari poloniarra izan zen izugarrikeria horri izena jarri ziona 1944an argitaratu zuen El dominio del Eje en la Europa ocupada liburuan, eta genozidio hitza sortu zuen lehenengo aldiz. Etimologiaren arabera, hitz berri hau grezierazko genos (itzulpena: arraza) hitzak eta latinezko cide (itzulpena: hil) atzizkiak osatzen dute.
Lemkinen obra Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 1948ko abenduaren 9an emandako Genozidio Delitua Prebenitzeko eta Zigortzeko Konbentzioaren manuaren aurrekaria izan zen. Erakunde horrek honela definitu zuen genozidioa II. artikuluan: nazio-, etnia-, arraza- edo erlijio-talde bat osorik edo zati batean suntsitzeko asmoarekin egindako jarraian aipatzen diren egintzetako edozein:
a) Taldeko kideak hiltzea
b) Taldeko kideen osotasun fisiko edo mentalari kalte larria eragitea
c) Taldea, nahita, fisikoki, osorik edo zati batean, suntsitzea ekarriko duten bizi-baldintzen mende jartzea
d) Taldearen barruan jaiotzak eragozteko neurriak
e) Taldeko haurrak nahitaez beste talde batera eramatea.
Lemkinek genozidio hitza 1945 eta 1946 bitartean egindako Nurenbergeko Epaiketen akusazio aktan sartzea lortu zuen. Urte batzuk geroago, 1994an, NBEk nazioarteko zigor-auzitegi bat sortu zuen Ruandako Gerra Zibilean gertatutako hilketa masiboen ondorioz: hirurogeita bi pertsonari genozidioa leporatu zieten. Auzitegi horrek, Balkanetako Gerra garaian, Bosnian eta Herzegovinan genozidioa egin izana ere egotzi zion Serbiari, eta azkenean herrialdea absolbitu egin zuten. Era berean, Kanbodiako Khmer Gorrien Gobernuan (1975-1979) genozidioa egiteaz akusatutakoak ikertzeko ahaleginak egin zituzten, nahiz eta kasu horietan guztietan, NBEren definizioan oinarrituta, genozidioa egon zela frogatzea zaila izan, legelariek argudiatzen duten bezala.
Bibliografia osagarria
- Convención para la Prevención y Sanción del Delito de Genocidio (ONU, 9-XII-1948):
https://www.ohchr.org/es/instruments-mechanisms/instruments/convention-prevention-and-punishment-crime-genocide - LEMKIN, Raphael (2009): El dominio del Eje en la Europa ocupada, Buenos Aires, Prometeo Libros.
- PÉREZ TRIVIÑO, José Luis (2013): “Genocidio”, Eunomía. Revista en Cultura de la Legalidad, 5 zk., 232-239 or.