Polarizazioa

Carola García Calvo

Elkano Errege Institutuko Erradikalizazio Bortitz eta Terrorismo Globalari buruzko Programaren ikertzaile nagusia

Polarizazioa

Polarizazioa fenomeno politikoa eta soziala da, eta talde oso desberdinen arteko distantzia ideologikoa, soziala eta emozionala du ezaugarri.

Kontuan izan behar da eztabaida eta iritzi disonanteak sistema demokratikoen DNAn daudela, eta, beraz, dosi txikietan polarizazioak aktibismo politiko positiboa eragin dezakeela, izan ere, ideia-trukea areagotzen du, gizarte-sarea indartzen du eta herritarren interesa eta politikan parte-hartzea sustatzen ditu.

Hala ere, polarizazioak kutsu negatiboa hartzen du talde batek onartezintzat eta arriskutsutzat jotzen dituenean bere lehenespenen aurkako erabaki bat hartzeak dakartzan ondorioak. Kasu honetan, polarizazio kaltegarri bati buruz ariko ginateke, iritziak identitate politiko bihurtzen baitira, eta azken hori identitate sozial, eta horrek gizartea aurkako bandoetan banatzen du. Egoera horretan, diskurtsoa “haiek” eta “gu” arteko funtsezko konfrontazio batetik abiatuta eraikitzen da. Dinamika horiek gizarte-kohesioa murriztu, eredu demokratikoa hondatu eta indarkeria politikoa erraztu dezakete. Baina, nola gertatzen da?

Egoera hori gertatzen da eragile politikoek gatazka eta etsaitasuna beren interesak sustatzeko, haien oinarriak mobilizatzeko eta aurkariak ahultzeko aukera gisa ikusten dutenean. Kasu honetan, beren narratibek egoera zero batura duen gatazka existentzial gisa islatuko dute, non irabazleak onura guztiak lortzen dituen.

Bestalde, polarizazio kaltegarri edo toxikoak figura politikoei eta iritzi-liderrei bestelako iritziak dituzten gutxiengoak edo taldeak deabrutzeko eta gizatasunik gabe uzteko aukera ematen dien giroa ere sor dezake, nortasun ukaezin bakarra sortuz.

Azkenik, aipatzekoa da komunikabideen eta sare sozialen zeregina, gaur egun mezu polarizatzaileen hedatzaile gisa jarduten baitute, “oihartzun-kamerak” deiturikoak sortuz. Horietan, ideologikoki kideko diren pertsonek beren iritziak atzeraelikatzen dituzte, ikuspegi dibergenteak alderatu gabe, eta horrek erradikalizazio bortitzeko prozesuak eragin ditzake. Hala ere, aipatu behar da polarizazio-mailen areagotze horiek ez dutela nahitaez indarkeria politikoan bukatu behar, beste faktore batzuk egon behar baitira hori gertatzeko.

© Copyright - Terrorismoaren biktimen ikus-entzunezko glosategia